gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
2024ko azaroak 25, astelehena
Koldo Mitxelena
GIPUZKOAKULTURA.NET > IRAKURKETA GIDAK > KOLDO MITXELENA
KOLDO MITXELENAREN AURKEZPENA


HAURTZAROA ETA GAZTAROA

Koldo Mitxelena artisau langile familia batean jaio zen. Gaixotasun baten eraginez, ohean egon behar izan zuen denbora luzean, eta horrela ordu luzetan irakurtzeko eta euskara jasoa ikasteko aukera izan zuen, bizitza osoan zehar pizturik eraman zuen zaletasun baten ernaltzaile.

Familia nazionalistakoa izaki, ELA eta EAJn afiliatu zen, eta Aitzolek zuzentzen zuen gazteria euskaltzalearen Euskaltzaleak mugimenduaren literatur bizkundearen iturrietan edan zuen.Koldo Mitxelenaren eguneroko bizitza lantegiko eginkizunetan, ikasketetan, mitinetara joanez eta kirolean banatzen zen. Gerra aurreko literatur belaunaldi euskaltzale paregabearekiko interes aparta zuen; izan ere, bere hitzak hartuz: sekulako ustekabea izan zen niretzat.

*****

 

KONPROMISO POLITIKOA

Konpromiso politikoa denoi dagokigun zerbait da; urruneko edo hurbileko sentitzea, beste kontu bat da. Arrisku bat ere bada: guzti-guztia politikoaren mendean jartzea, edo politikoa zeharo bazterturik eta bestearekiko inolako harremanik gabe geratzea. Gauza biak batera doazela uste dut, eta pertsonaren garairen batean, gizartearen garairen batean, norberak politikan parte hartzeko behar handiagoa sentitzen du.

*****

 

GERRA, HERIOTZA ZIGORRA ETA GARTZELAKO LEHEN EGONALDIA

Militarren altxamendua gertatu zenean, Koldo Mitxelena bolondres nazionalista izan zen. Santoñan preso harturik, errebolta militarrean parte hartu izana leporatu eta heriotza zigorra ezarri zioten 1937ko irailaren 7an. Zigor horren ordez 30 urteko gartzelaldia jarri zioten. Dueso, Larrinaga eta Burgosko gartzelak ezagutuko zituen.

Arma Lagunak

Burgosko gartzelan, bera bezala preso zeuden intelektual eta unibertsitario espainiarrak ezagutu eta haien adiskide egin zelarik, Francisco Jordák, gero Arkeologian katedraduna izango zenak, komentzitu egin zuen Koldo Mitxelena unibertsitate ikasketak hasteko. Bizitzaren gorabehera handiek, ordea, ez zioten 1948ra arte horretarako paradarik eman.Bi liburuk eragin sakona sortu zioten: Manual de Gramática Española izenekoa bata, Menendez Pidalena; eta Aguado Bleye-ren Historia de España bestea.

Zainpeko askatasuna 1943ko urtarrilaren 13an eman ziotelarik, 5 urte, 4 hilabete eta 5 egun eman zituen gartzelan; eta 464 egun kendu zizkioten zigorretik, ahalegin intelektualagatik.

*****

 

GARTZELAKO BIGARREN EGONALDIA

Hogeita zazpi urte eta osasun ahula zuelarik, Koldo Mitxelena bere jaioterrira, Errenteriara itzuli zen. Jose Uranga enpresario errenteriarrak kontulari lanpostu bat eskaini zion Madrilen. Han batera eraman zituen lana eta klandestinitatea. Izan ere, tentuz ibiltzeko uneak ziren, zeren eta Francoren oposizioak itxaropen bat zuen, aliatuak II. Mundu Gerran garaile gertatzea eta diktadorearen erregimena erortzea hain zuzen.

Madrilen 1946ko apirilaren 10ean atxilotu zuten, CNTren jarduera klandestinoak zertzeagatik eta Eusko Alderdi Jeltzaleko buruzagi izateagatik. Berarekin batera hiru gailegozale handi harrapatu zituzten: Ramon Piñeiro eta Saco anaiak... Bi urteko gartzela zigorra ezarri ziotelarik, 1948ko urtarrilaren 30an askatasuna berreskuratu zuen atzera, Alcalá, Ocaña, Yeserías eta Talaverako gartzelak ezagutu eta gero.

kartzela

*****

 

ESTUASUNA ETA HAZKUNDE INTELEKTUALA


Topoan egin nuen karrera

Errenteriara itzulita 1948an, matrikula librea egin zuen Madrilgo Unibertsitateko Filosofia eta Letren fakultatean, Francisco Jordá gartzelako lagunak bultzaturik. Handik aurrera, 50 eta 60ko urteak, Mitxelenaretzat hazkunde intelektual izugarrikoak izan ziren, eta estuasun eta lanbide aniztasun aldia ere bai. Aurrekari penalak ugari zituela, lan egonkorra eskuratzea ezinezkoa zitzaion erabat. Orduantxe izan zen inoiz baino gehiago adiskideen ordua, baita bere jakinduria eta ahaleginaren miresleena ere: hizkuntzalariaren pertsona eta zientzilari gisako balioa iritzi politikoen aurretik jarriz, Arrue, Tovar, Amorós, Agud, Vallejo, eta abar laguntzen saiatu zitzaizkion.

Matilde Martinez de Ilarduyarekin ezkondu zen 1949an. 1951ko greban parte hartu zuen.

Julio de Urquijo Euskal Filologi Mintegiaren zuzendari tekniko izendatu zuten 1954an, eta euskal hizkuntzari onarturiko ate txiki bat izan zen Egan aldizkariaren kontseilukide. Halaber, Salamancan eskola batzu ematen hasi zen.

*****

 

EZINBESTEKO HALABEHARRA: UNIBERTSITATEA

SALAMANKA

Koldo Mitxelenaren berezko patua unibertsitatea eta nazioarteko zientzi komunitatea ziren. Horretarako aurrekari penalak baliogabetzea lortu behar zuen: lepoan loturiko harri astun baten gisa, batean zein bestean sartzeko bidea galerazten zioten. Prozesuak 1953an hasi eta 1967ra arte iraun zuen, diktadurak Euskal Herrian burututako azken pasadizo gogorren bezperan. Koldo Mitxelena adiskide eta miresle zituen zientzilarien sarea funtsezkoa izango zen. Salamancan bizi eta eskolak eman zituen garaia zorionekoa izango ziren, bai berarentzat bai bere familiarentzat.

*****

 

EUSKARAREN BATASUNA

Behin betiko Salamancara joatearekin batera, Euskaltzaindiak lan itzel bat agindu zion: euskara batzeko irizpideak finkatzea, hain zuzen. Lantegi horretan eztabaida eta liskar amaigabeen artean abiatu zen. "H" hizkia borroka gogorrenen gune bihurtuko zen, euskalki desberdinen tratamenduarekin batera. Berak arrazoi biologikoen alde jokatu zuen beti, soziolinguisten alde alegia: euskara batua euskalki erabilienen oinarri amankomunaren gainean altxatuko da.

Arantzazuko BiltzarraZiriborra

*****

 

PARISKO ESKOLALDIA

Maiatz frantsesaren ondorioetako bat unibertsitateen deszentralizazioa eta handitzea izango zen 1969an. Hurrengo bi urteetan,1971 bitartean, euskal hizkuntzalaritza alderatua irakatsi zuen, professeur associé gisa, Sorbonako Unibertsitatean, eta chargé de cours gisa École Practique des Hautes Études delakoan. André Martineten adiskidetasuna funtsezkoa gertatu zitzaion epe horretan Koldo Mitxelenari. Hizkuntzalariaren etxean jarri zen bizi izaten, eta hark bere adiskide edo zientzilari taldean (Jeanne Martinet, Giovana Madonia, Nicole Moutard, eta abar) eta argitalpen sarean sartu zuen.

Euskalarien Kongresua

*****

 

POLIFAZETIKO ETA BEHATZAILE...

Zaletasunez hizkuntzalari, jakinmin mugagabez poliglota, Koldo Mitxelenak literatura ugari irentsi zuen, polizia arlokoa barne, eta baita zinea ere; kultur ekintzetako epaimahaietan parte hartzeko dei egiten zioten.

*****

 

ITZULERA: UPV-EHUren JAIOTZA

Ez da nahikoa garai kritiko baten lekuko izatea

Trantsizio politikoak eta lehen hauteskundeek Salamancan harrapatu zuten Koldo Mitxelena. Ahal zuen guztietan itzuli ohi zen, ordea, bere jaioterri Errenteriara, eta ez zuen oztoporik izan gertakizun berri guztietan gogo biziz parte izateko: EHU sortzea, herrialdearen normalkuntza politiko kulturala, unibertsitate berrian irakastea...

Hitzaldia EHUn

Gora

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2007 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net